Proletalgoaren independentzia politikoa sine qua non baldintza bezala

2019ko urriaren 23a

Egilea: Markel Samaniego


Versión en castellano

Kataluniako burgesia txikiak haustura politiko eta sozial baten hautua burutuko balu (armada zein bloke geopolitikoen babesarekin, noski), gerra aurretiazko testuinguru batez hitz egitea ez litzateke inondik inora astakeria bat izango. Bada, burgesia katalanistaren interesak asetzera begira kontzertu ekonomiko zein erreferendum bidez martxan jarririko prozesuak, baina, huts egin dute eta, esan gabe doa, ANC-k iradoki duen independentzia adierazpen aldebakarrerako mugimendu independentistak exijituko lukeen ejerzitu kataluniarra ez dela existitzen.

Horrekin batera, badirudi klase borrokak ere zeharkatu duela procés-a, beste modu batera izan ezin zitekeen bezala. Haratago joanda, esango nuke eztandarazi egin duela. Edo hobeto esanda, bere barrunbeetan zeramatzan kontraesanak gain hartzen hasi zatzaizkiola agortutako prozesu bati.

Nire ikuspegitik, Gabriel Rufianek aurkezten du inpotentzia hau modu nabarienean: bere kontrolpetik alde egiten duten mobilizazioen aurka jotzeko joera garbiarekin, burgesia txikiaren ordezkari politiko klasikoaren eredua gorpuzten da bere baitan. Eta modu honetan, gaur arte ezaugarritzen zuen itxurakeria erradikal guztiak gaina hartu dio, beronen atzean ezkutatzen zuen moralismo merkea eta panfleteo tristea agerian geratu direlarik.

Eta hain zuzen ere, gatazkaren momentu honetan galdetzen diogu Euskal Herriko posizio komunistetatik gure buruari, ea mugimendu independentistaren zuzentarau bakezaleetara makurtzen ez diren sektore hauek ez ote duten langile independentzia politikoaren espresiorik ezaugarritzen.

Oraingoz, beste espazio politiko bat sortzeko aukerak existitzen direla esango dugu, nahiz eta horietarako heldutasun nahikorik ez dagoen bat-batean behintzat. Izan ere, badirudi Dani Askunzek bere azken idatzian aipatzen zituen elementu borrokalari amorratuek izan badutela euren klase posizioarekin zerikusirik: gazteak, ikasleak, migranteak… omen dira eta ez ei daude “inongo alderdiren bueltan lerraturik”.

Indarkeria , baina, ez da proletalgoaren ezaugarri abstraktu bat. Kontrara, klase interesen errealizaziorako antolatutako biolentzia, Estatuaren existentzia ezaugarritzen duen elementuetako bat dela ezin dugu uka: Estatu burgesa kapitalaren dominazio erlazioaren sintesi logiko gisara, biolentziaren antolaketa eredu bat da. Estatu sozialista, aldiz, metabolismo komunistaren klase dominazioaren sintesia da eta beraz, biolentziaren antolaketa modu partikular bat da era berean.

Baina nioen bezala, indarkeria bera, barrikada, sua edota inteligentziaren gisan, orokorrean hartuta, ez dira proletalgoaren izaeraren adierazpenak. Auto-antolaketa, borrokarako grina, kritika, marko instituzional burgesarekiko makurkeria-eza zein abangoardia jarrerak ordea, bai ezaugarritzen dituztela langileon interesak asetzeko elementu subjektiboak. Ukaezina da berauek hain zuzen Herrialde Kataluniarreko kaleetan azaleratu direnik.

Era berean, PAH eta CDR-koek Lleidan aurreko astean etxe-kaleratze bat gelditu izanak halako motatako masa-lerroek izan dezaketen potentzial proletarioaren indizioak ematen dituzte.

Eztabaidaren barrunbeetara ildo honetatik sartzen bagara, beste galdera bat sortzen zaigu: existitu al dira procés-aren baitan gaur artean langileon interesak ordezkatze dituzten antolakundeak?

Batek baino gehiagok Esquerra Independentistaz hitz egingo nahiko luke. Baina honek adierazten dituen XXI. mendeko sozialdemokraziaren izaera kooperatibista eta proudhoniarra eta elementu hauez blai mantentzen duten programa nazionalistari erreparatuz, baieztatuko nuke multzo sozial eta politiko honek ez duela programa proletarioaren eta langile independentziaren defentsarik egingo. Ez, bederen, berau interes burges txikiei zirrikituak irekita utzi gabe.

Egia da, baina, procés-aren bueltako alderdi erradikalena izanik (demokrata izan arren oro har), posible dela aipatu mugimenduetako sektore borrokalarienen fideltasuna edukitzea, bai eta euren borroka gaitasuna kapitalizatzea. Baina beronen garapen logikoa ezinbestean haustura politikoaren sinonimo izango litzateke antolakuntza terminoetan, nabariak baitira Esquerra Independentistaren errai politiko interklasistak.

Dena dela, Esquerratik haratago, periferia politikoan, insurrekzionalistak ere aurki ditzakegu: anarkista klasikoak, Batzorde Ikusezinaren ildokoak, etab. Baina hauek klase interesen alde sustatu dituzten ikuspegiak (kapitalaren abolizioa, Estatu-formaren gaindipena, etab.) bai eta insurrekzio iraultzailearen momentu politikoaren inguruko kritika garrantzitsuak (Kurzzio Malapartek sustaturiko iraultza teknikoaren ildotik) ezerezean geratu izan dira suarekiko eta botere-ezarekiko eta apolitizismoarekiko duten sakralizazioagatik. Inpotentziak, etsaiaren potentzia asebetetzen du: berriro ere Bakuninistak jabetu dira Bartzelonaz.

Alabaina, bloke politiko berri baten eraikuntzan gauza dezakeen ekarpenagatik, ezin funtsezkoagoa suertatzen da independentzia politikoaren bueltako auzia. Izan ere, badirudi dena irekia dagoela espazio berri honen baitan. Aurreikusten den errepresioak orientazio politikoaren gidaritza har dezaketen sektoreak eraisten ez baditu, mugimenduaren izaera komunista fase berriak exijitzen duen prestakuntza politikorako mailaren araberakoa izango da. Momentuak galdatzen duen maila emateak arriskatzea ekarriko du, baita horrek inplika ditzakeen ondorioei aurre egiteko formaturik egotea ere.

Horrekin batera, badirudi historikoki gertatu den moduan, klase gorrotoa posizio irrazionaletara bideratzeko dispositiborik egokienetakoa auzi nazionalista izanen dela. Horren erakusle dira lehengo asteko eraso faxista antolatuak, Askatasunaren Martxaren aurka lunpenen harrikadak … eta Rufianengana itzuliz, eztanda egiten hasi dela dirudien kataluniar nazio burgesa bera (honen erakusle da berriz ere Rufian-en aurkako jazarpena egin zituen adierazpenengatik). Politika nazionalistak (espainolista edo katalanistak) izango dira politika burgesaren abangoardia; beraz, langile independentziak borrokatu beharreko gidaritza ezaugarritzen dute bere garapenerako ikaragarrizko oztopo diren heinean, nahiz eta hemendik aurrera kategoria nazionalisten baitan sortuko diren klase kontraesanak baliatu beharko diren klase batasunaren eraikuntza elikatzeko.

Beraz, zentzu burgesetik haratago doan ziklo politiko berri bat irekitzeko oinarriak jartzen ari direla esan genezake kataluniar lurraldean. Alegia, mugimendu independentistaren irizpide instituzionalei muzin egin eta bere dinamika propioa eratzen ari den mugimendua, potentzian, langile mugimenduaren lehendabiziko forma izan daiteke.

Bada, Rosa Luxemburg-ek esango lukeen moduan “gizarte sozialistaren esentzian dago langileen masak gobernatua izateari uztea eta bere kabuz bizitza ekonomiko-politikoa osotasunean antolatzen hastea, determinazio kontziente eta aske baten baitan”, aurrez abisatzen duelarik “proletalgoaren masak, kontzienteki iraultzaren helburua eta orientazioa finkatzeko patua du eta, gainera, pausoz pauso bere jardunaz, sozialismoa eguneroko bizitzan sartzea eragin behar du”.

Funtsean, argi dago ez dela botere politikoaren konkista izanen Kataluniar Errepublikaren aldeko borrokaren emaitza. Izan ere, kataluniar proletalgoak egun hauetan burutu baitu bere lehen arnasaldia 7 urteren ostean, modu errebelde eta biolento batean gainera; beraz, ezin uka daiteke oraindik halako prozesu batek eskatuko lukeen heldutasunik ez duela. Aldiz, ondorio politiko esanguratsuak erauzi ditzake, beronen konbikzio politikoan pisu esanguratsua hartuko luketen irakaspen ugari metatuz, politika interklasistarekiko hausturarako zirrikitua irekiz. Eta haustura diot, langileen iruditegi kolektiboa zipriztinduko duten esperientzia politikoz zein burgesia txikiaren interesetatik haratagoko politika egiteko moduak hastapena izango luketelako.

Hargatik, azken matxinadetako sektoreek artikulazio politikorako aukerak baliatuko balituzte, lana Kapitalagandik askatzeko independentzia prozesuan errealean (komunistan) lagunduko lukeen mugimendu independentista berrirako baldintzak egongo lirateke. Hala ere, baieztapen honen boluntarismo gradua datozen hilabete eta urteetan garatuko den jardunagatik neurtuko da.