Bestearen egia

2019ko abenduaren 11a

Egilea: Beñat Aldalur


Versión en castellano

“Hau krimen bat baino okerragoa da, akats bat da.” Fouché.

Egiak garrantzia guztia galdu du. Eta hau ez da nire asmakuntza bat, inondik inora. Egia- osteko politikaz mintzo da hainbat jende, duela ez hainbeste egiaren izaera iraultzaileaz mintzatzen ginenean. Teknokratek politikaren monopolioa duten garaiotan, ekinbide sozialen zergatiez galdetzea ukatzen digute, eztabaida oro desbideratzen duten bitartean. Arrazoiaren bidez ekitea ez dago modan, eta are gutxiago azalpen garatuei eta gertaerekiko hurbilpen maila handiak dituztenei kasu praktikoa egitea. Filosofiaren dimentsioetan eztabaidatu genezake honetaz, baina nahiko hankamotz aritzearen beldur naizenez, uste dut interesgarriagoa zaigula eztabaida eremu militantera eramatea.

Azken boladan, hausnarketarako tartea merezi duten hainbat gertaera jasan dira Ildo Sozialistaren eta Ezker Abertzale Ofizialistaren artean. Ikasle mugimenduaren inguruan eman diren talka politikoei egingo diet erreferentzia zehatza: Errondako egoitzaren auziari eta Gora Ikasleon Borroka! plataformak deitutako greba egunaren harira izan diren polemikei. Elementu gehiago hartuko nituzke kontuan gertaera hauen kalkulu eta balorazioak egiterako orduan, baina eremu militanteetan, eta batez ere, sare sozialetan gauzatu den eztabaidaren dimentsio eta kalitateari jarriko diot atentzio berezia.

Errondako egoitzaren kasuan, jabetzaren zilegitasunaren gaineko eztabaida gailendu da eta norabide horretan, bere ekinbideak justifikatzeko hainbat elementu eskaini ditu IAk: Egoitzaren auziaren inguruko gertaerak azaldu ditu behin eta berriz, kronologia zehatzak argitaratu ditu, jabetza eta erabileraren inguruko bere ikuspuntu politikoa azaldu digu eta egoitzaren jabetzaren ondorengotza justifikatu du. Beste aldetik, Ezker Abertzale Ofizialista “egoitza hori Ezker Abertzalearena da” esatera mugatu da, horren zergatiak azaltzea arbuiatuz eta eztabaidan sartzea ekidinez. Txikikeria bat iruditzen zaie egoitzaren gatazka (ez baitute azpiegitura arazorik) eta iritzi publikoa egoitzaren inguruko gertakarietatik euren intereseko gertaera zehatzetara (IAk eginiko pankartak) eta topiko batzuek bereganatzera (“IAren jardun bakarra gure aurka egitea da”) eraman nahi izan dute. Guzti honekin hermeneutika bat sortu nahi dute, kasu honetan gertaeren gaineko ulermen marko orokor eta sinplifikatu bat. Honenbestez, egoitzako gatazkaren gaineko kronologia osatu bat erakutsi ordez, topiko batzuen zabalpena eta normalizazioa bilatu dute. Ez du axola zer gertatu den errealki egoitzaren auzian, garrantzitsua IAren gaineko iritzi bat sortzea baita, bere jarduna argudiorik eman aurretik errefusatu ahal izateko.

Bestalde, Gora Ikasleon Borroka! dinamikaren harira IAk irakurketa kritiko bat publikatu zuen greba deialdiaren bezperan. Batez ere, dinamika zintzotasunez aurkeztu ez izana egozten zion ikasle antolakundeak. Izan ere, IAren helburu estrategikoak partekatzen badituzte (Euskal Eskola Nazionala), antolakundearen jardun praktikoarekin desadostasunak non aurkitzen dituzten azaldu behar lukete, horrela ikuspegi taktikoen arteko eztabaida erraztuz. Honek identitateetan oinarritutako politiken kritika bat dauka aurrebaldintza modura, garrantzitsua ez baita antolakunde baten edo bestearen parte sentitzea, bere jardunaren zuzentasuna baizik. Ikuspuntu politikoen arteko eztabaida elikatu ordez, kontsignak, interpelazio hutsalak eta testuingurutik ateratako sasi- argumentuak biderkatu dira sare sozialetan Ezker Abertzale Ofizialistako hainbat kideren partetik. Hainbeste mezu azkar eta kontraesankorrek asko zailtzen dute edukiaz eta kritika politikoaren arrazoiez eztabaidatzea. 

Neurri batean ezjakintasunetik, baino helarazten zaigun aldetik, Ezker Abertzale Ofizialistako belaunaldi berriak jasotzen ari diren heziketa politikoak kezkatuta nauka; aurrez kritikatu ditudan politika egiteko eta iritzia sortzeko eredu horiek bere egiten ari direla begiztatzen baitut. Izan ere, edozein politikaren aurrebaldintza irizpide etiko multzo bat errespetatzean datza, eta sozialismoa ere esanahi etiko propioek osatzen dute, eredu liberal- utilitaristari kontrajarriak. Ikuspuntu komunista batetik, ondorengo puntuek ezaugarritu dute jardun militantea langile mugimenduaren historian zehar:

1. Beti egia esatea; eztabaidak eta norberaren arrazoi politikoak behar beste luzatu eta ikuspuntu orokorrena eta garatuena gailentzea. Horretarako erabakimena militante ororen   eskuetan egotea, eta hartutako erabakiez kide guztiak arduratzea. 

2. Edozein erabakitan (txikienetan eta lokalizatuenetan barne) interes orokorrari begiratzea, ardura historikoz aritzea.

3. Taktika zehatzek inoiz ez dezatela ikuspuntu estrategikoa konprometitu; taktikak ezin du kontraesanean sartu estrategiarekin.

Bestela esanda, etika=antolakuntza formula darabilgu sozialistok, estrategiatik aparteko balio sistema moralismora murriztuko baita etengabean. Honenbestez, militantzia antolatzen duten baloreak korrelatiboak dira ikuspuntu estrategikora, ez daude inoiz salbu ez aparte.

Dena dela, argumentuen pisua eta teoriaren zuzentasunagatik balitz soilik, aspaldi litzateke komunista mundua. Halabeharrez, indar harremanek osatzen dute politika, eta bertan botere burgesa – Marx, ideologiak – Althusser, normak – Foucault eta bestelako osagarriak klase dominatzailea eta boterea zilegitzeko makina eraginkor modura ageri zaizkigu. Honenbestez, egun politika sozialistak aukera eta zilegitasun marko oso txiki batetik abiatzen dira, gure mundu ikuspegia eta jardun politikoa ezkutatua eta kriminalizatua baita eremu politiko dominantetik (maila juridikoan zein heziketa eta ideologia mailan). Egungo subjektu hegemonikoek behin eta berriz sartu dezakete hanka erabakimen politikoen esparruan, gizarte burgesaren egitura sozialarentzat funtzionalak direlako eta honen eraginez, egindako akats konkretuen gainetik, bere jarduna erreproduzitzeko gaitasuna lortzen dutelako. Guk, ordea, tekla egokiak zapaltzen asmatu behar dugu, helburu konkretuak identifikatu eta bide orri are zehatzagoak marrazten.

Rosa Luxemburgi jarraituz, sozialismoa langile masen autodeterminazioan oinarritzen da; prozesu historiko hau gauzagarri egiteko, ezinbestekoa da militantzia besteen argumentuak arrazoimenez epaitu eta ardurak bereganatzeko eremu apropos batean heztea. Militantzia eredu honen gauzapenak sakoneko aldaketak eskatzen ditu egun; garaiko zentzuko komuna aldatzea – berekoia eta indibidualista – eta profil etiko berri bat eraikuntza – arrazionala, entzutetsua, eta elkartasun bidez ekiten duena – . Aurrez esan bezala, guzti hau antolakuntza ereduan eta honen zergatietan neurtzen da, eta ez epai pertsonal eta iritzi bakanduetan. Honekin batera, lehentasunezkoa deritzot ildo politiko ezberdinen arteko ikuspegiak kontrastatzeko espazioak sortzea, maila eta eremu ezberdinetan, beti ere irekitasuna eta eztabaidarako borondate zintzoa mantenduta. Azkenik, politikan asmatu beharra dago, eta honek indar kalkuluan esfortzu berezia egitea dakar, aurrerapauso estrategikoak gauzatzera bidean.  Puntu hauetatik ez gaude gutariko inor salbuetsita, eta guztion ardura da norabide honetan lanean jarraitzea.