Selektibitatearen aurkako eta Euskal Eskola Nazionalaren aldeko aldarrikapena eraman du campusetara IAk

Atzo hasi zen selektibitate froga Nafarroan eta gaur Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 'Selektibitateari ez' lemapean, Hego Euskal Herriko campusetan elkarretaratzeak egin ditu Ikasle Abertzaleakek. Gaurtik ostiralera bitartean, unibertsitaterako sarbidea lortzeko hautaketa frogak egingo dituzte milaka euskal ikaslek. Horiei animoak ematearekin batera, frogak "ideologizazio burgeserako eta filtro sozialerako" betetzen dituen funtzioak azaleratu ditu IAk.
Argazki Nagusia
Ibaetako campuseko elkarretaratzea. Argazkia: Gedar
2019ko ekainaren 05a

Ikasle Abertzaleakek pasa den astean salatu zuen selektibitateak ikasleen ikas-baldintzetan duen eragina, ohar bidez. Izan ere, milaka dira unibertsitatera sarbidea lortzeko aste honetan zehar hautaproba horiek gainditu beharko dituztenak. Hala, ikasle antolakundeak elkarretaratzeak egin ditu Hego Euskal Herriko campusetan, ikasleei animoak emateko eta selektibitate probaren aurkako aldarrikapena egiteko.

IAren arabera, selektibitateak "ikasle eredu jakin bat" sortzeko funtzioa betetzen du. Izan ere, diziplinaren bitartez, "ideologia burgesa" eta "filtro soziala" ezartzen ditu. Horren aurrean, Euskal Eskola Nazionala eraikitzeko dei egin dute IAko kideek.

Ikasturte honetan egindako borrokak ere jarri dituzte mahai gainean. Ikasleek "ebaluazio kuoten gainean duten eskumena areagotzeko", ikasleek zein hezkuntza eremuko langile mugimenduak horretarako borroka abiatu behar dutela azaldu dute. Zentzu horretan, eredugarritzat jo dute UIBk 12.2 artikulua aldatzea lortu izana, baita Orixe (Gipuzkoa) eta Eunateko (Nafarroa) ikasle borrokak lortutako garaipenak ere. Horregatik, "egoera latzaren aurrean", mobilizatzeko dei egin diete batxilergoko ikasleei.