Errakik bere aurkako "eraso anonimoa" salatu du

Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak jakinarazi duenez, zenbait egile anonimok dokumentu bat osatu eta zabaldu dute euren aurka. Errakiren jardunaren aurkako eraso modura ulertu dute dokumentua, eta kritika horien aurkako erantzuna argitaratu dute. Oharrak "nahasmena sortzeko saiakerak" argitzea eta "fundamentuzko eztabaida arrazionalerako elementuak" eskaintzea du helburu.
Argazki Nagusia
Erraki
2019ko ekainaren 26a

"Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarearen aurkako dokumentu bat ari dira zabaltzen Euskal Herriko gune desberdinetan. Testua gure eskuetara ere heldu da. Zuzenean gure izaera eta funtzionamendua dituenez hizpide eta kritikagai, guk idatziaren aurrean erantzun bat ematea erabaki dugu, nahasmena sortzeko saiakerak argitu eta eztabaida arrazional eta fundamentuzko baterako elementuak eskaini asmoz". Hitz horiekin hasten da Errakik GEDAR LANGILE KAZETAri helarazitako gutuna. Errakik bere jardunaren aurkako eraso modura ulertu du hainbat egile anonimoek osatu eta zabaldu duten dokumentua.

"Anonimotasunean ezkutatuta"

Bi zati nagusi ditu babes sarearen oharrak. Aurrenekoan, Euskal Herriko hainbat gune autogestionatutan zabaltzen ari diren testuaren egileen jarrera kritikatu du Errakik; besteak beste, leporatu die "anonimotasunean ezkutatzea" eta "euren burua zuritzen" saiatzea. Hala, "aurpegia eman eta eztabaida arrazoiketan oinarritu" dezaten eskatu diete Errakiko kideek, beraiek hala egiten dutela azpimarratuz. 

Eztabaida behar den lekuan eta aurrez aurre egitera dei egin du babes sareak: "Eztabaida beti da zilegia eta horretarako aukera dago gune autogestionatuetan Errakiren inguruan hitz egiten dugun bakoitzean. Denok dakigu nor garen Errakiko militanteak eta norengana jo benetan zalantzak baditugu". Ezkutuko jarrera hori segurtasun neurri modura justifikatu izana ere larritzat jo du Errakik, "are gehiago dokumentuan Errakiren antolakuntzaren inguruko informazioa ematen dutenean".

"Tresna baten eta militanteen lanaren blokeoa"

Bestalde, dokumentuaren edukiaren gaineko posizioa azaldu dute. Errakik gune autogestionatuen autonomia ez duela errespetatzen: ideia hori du oinarri dokumentuak jasotzen duen kritikak. Egile anonimoek diote Errakik ez dituela jada martxan dauden zenbait antolakuntza marko kontuan hartzen; baita gune autogestionatuei informazioa ezkutatzen dietela eta aniztasun ideologikoaren aurrean homogenizazio ideologikoa inposatzen duela ere.

Kritika horien aurrean, Errakik "tresna eraginkor baten eraikuntza eta horretarako konpromiso osoz lanean ari diren militanteen lana blokeatu nahi izana" gaitzetsi du. Are gehiago; salatu du kritikaren egileek "ezer eskaini gabe" egin dutela kritika. Autodefentsa antolatzeko gabeziaren aurrean matxan jarritako tresna "blokeatu nahi izana" arbuiatu dute, beraz.

"Babeserako tresna efektiboa"

Errakik mahai gainean jarri du egungo testuinguru politikoa eta indar korrelazioa ez direla gune autogestionatuen aldekoak. "Zaurgarritasun egoera", gainera, "etengabea" dela adierazi dute, "ageriko arriskurik" ez izan arren. Beraz, Errakik "gune autogestionatuen babeserako tresna efektiboa" izan nahi duela azaldu dute bertako kideek: "Agerikoa da babes eta elkartasunerako antolakuntza forma berriak pentsatu behar ditugul". Horretarako "tresna espezifiko" modura azaldu dute Erraki.

"Ziklo politiko berriak sortzen dituen baldintzak" aintzat hartuta, lanaren antolaketak "antolakuntza eredu berriak" garatzea galdegiten duela azpimarratu du Errakik, "gatazka egoera burgesetan arriskuan dauden espazioen defentsa artikulatzeko".

Hala, gune autogestionatuen autonomiaren aurka egin izana leporatu dieten kritikei erantzunez, ondorengoa adierazi du babes sareak: "Horrek ez du esan nahi gazte asanbladek antolakuntza modu asanblearioa eduki behar ez dutenik, baina babeserako tresna eraginkor batek beste antolakuntza modu bat eskatzen du". Gehiago ere sakondu du puntu horretan, Errakik ez duela "gazte asanbladen antolakuntza suntsitu edo ordezkatu nahi" argituz. Antolakuntza eredu hori "ez da abstraktua", Errakiren hitzetan: "Gure iritziz, koiuntura politikoari ondoen egokitzen zaion eta eraginkortasun handiena erakusten duen antolaketa eredua da garatu behar dena". Erraki "erronka horren aurrean garatu den proposamena" dela azaldu dute.

Antolakuntza ipar

Antolakuntzan jarri du azpimarra Errakik oharrean. Euren logika politikoa barnebiltzen duen aurretiazko markorik ez dagoela eta "bikoiztasunik ezin sor dezaketela" adierazi dute. Errakirena "proposamen integral berritzailea" dela diote, "gune autogestionatuen defentsarako". Era berean, elkarlanerako borondatea ere erakutsi dute babes sareko kideek, "okupazio bulego eta abokatu talde batzuekin egin den bezala". Hala erantzun nahi izan diote Erraki elkartasun sare formal eta informalen aitorpen falta dela jasotzen duen kritika anonimoari.

Errakira atxikitu diren espazioei eskatu zaizkien zereginei dagokienez, argitu dute horien eginbehar bakarra "tresna indartzea" dela: "Errakira atxikitako guneek ez dute Erraki ez den beste ezer elikatzen". Balioan jarri dute beren gaitasunak tresnaren zerbitura "musutruk" jarri dituzten militanteen konpromisoa.

Autonomiaren auzia

"Gaztetxeen autonomia urratzea eta bertako aniztasunaren aurrean homogenizazio ideologikoa inposatzea ere egotzi diguzue", diote Errakiko kideek. Akusazio horren aurrean, azpimarratu dute Errakik beti errespetatu dituela gune autogestionatu bakoitzaren "deliberazio prozesu eta instantziak": "Gune bakoitza da Errakira atxiki edo ez erabakitzen duena, ez beste inor".

Ideia gehiago ere mahaira atera dituzte, autonomiaren aurka egin izanaren kritikaren aurrean. Batetik, argitu dute autonomiak ez duela zertan eremu lokala soilik galdegin: "Maila lokalean autonomia eduki genezake zenbait aktibitate aurrera eramateko, [...] baina unitate politiko lokalek izugarrizko zailtasunak dituzte denboraren joanarekin beren proiektu eta dinamikei eusteko". Arazo horren aurrean, galdera bat luzatu du Errakik: "Indar antolatu propioa eduki ezean, norengana jo dezake langile kontrolpeko guneek? Aldedi burgesengana? Eta zer da horiek trukean eskatzen dutena?".

Errakiko kideen esanetan, autonomiaren aurka jardun izanaren kritikak "instrumentalizazio" akusazioa ere barnebiltzen du. Horren aurrean, instrumentua "Erraki bera" dela azpimarratu dute. Hala, nabarmendu dute Errakik ez dituela gune horiek beste dinamika batzuk sustatzeko edo ideologia politikoa transmititzeko erabiltzen.

Finean, argitu dute ez dela Erraki unitate politikoen autonomia kolokan jartzen duena, "beren existentzia -gune autogestionatuena- kolokan jartzen duen edozein dinamika burges edota erreakzionario baizik". Erraki "ildo sozialistatik ateratako tresna espezifikoa" da beraz, "lanaren antolaketa modu jakin batera" gauzatzen duena, "langile kontrolpeko guneen babesa saretzea helburu".

"Kritikaz mozorrotutako erasoak"

Amaitzeko, "kritikaz mozorrotutako erasoak lekuz kanpo" daudela adierazi du Errakik: "Gure interlokutore anonimoen iniziatiba politikoak izaera erreakzionarioa du, Errakik irekitzen dituen aukerei trabak jarri eta horren aurrean ez delako proposamen politiko zehatzeik mahaigaineratzen".

"Proposamen politiko zehatzak" egiteko eskatu die Errakik kritikaren egile anonimoei, "langile mugimendua indartuko duten elementuen elaborazio eta gauzapena galdegiten baitu egungo koiuntura politikoak".

Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak helarazitako dokumentua irakurgai, hemen