“Bidean heziz iraultza sozialistara” lemapean burutu dute Goierriko Ikasle Martxa

Hiru eguneko egitarauaren barruan, Ikasle Martxa egin dute Ormaiztegitik Zaldibiara, Goierriko Ikasle Abertzaleakek antolatuta. Bailarako gazteak elkar ezagutzea, elkarren arteko harremanak sendotzea eta borroka komunitatea indartzea izan dute helburu. Besteak beste, hitzaldiak, auzolanak, tailerrak edota bertso afaria egin dituzte ibilaldiaz gain.
Argazki Nagusia
Goierriko Ikasle Martxako hitzaldietako bat. Argazkia: Goierriko Ikasle Abertzaleak
2019ko uztailaren 01a

Goierriko (Gipuzkoa) Ikasle Abertzaleakek antolatuta, Ikasle Martxa egin dute Goierrin barrena, ekainaren 26tik 28ra bitartean. Ormaiztegin hasi zuten ibilbidea, eta Zaldibian amaitu zuten, bertako Gazte Festekin bat egiteko. Ibilaldiaz gain, hitzaldiak, auzolanak, tailerrak edota bertso afaria izan dituzte. Bailarako gazteak elkar ezagutzea, elkarren arteko harreman sendoak sortzea eta borroka komunitatea indartzea izan dute ipar ikasleek.

Asteazkena, ekainak 26 – Ormaiztegi

Ikasle Martxari hasiera emateko abiapuntua izan zen Ongi Etorria, eta ezagutza jolasak egin zituzten bertaratu ziren ikasleek. Ondoren, Ormaiztegin martxan jarri berri zuten gaztetxean auzolana egitea zen asmoa, baina modu ilegalean desalojatu zutenez, ez zen posible izan. Bazkaldu eta gero, Hezkuntzaren funtzioak sistema kapitalistaren baitan hitzaldia izan zen, Ormaiztegiko frontoian. Jarraian, gaztetxearen desalojoaren harira deitutako elkarretaratzean izan ziren, elkartasuna adierazteko. Gauean bertso afaria egin zuten, Mikel Iturrioz, Aitor Bizkarra eta Maddi Aiestaran bertsolarien eskutik.

Osteguna, ekainak 27 – Idiazabal

Ormaiztegin gosaria egin ostean, ibilaldiari ekin zioten, Idiazabalerantz. Bazkaldu ostean, tailer baten bidez autodefentsa landu zuten, ITAIAko kideen eskutik. Afal ondoren, aldiz, gaubela izan zen Maialen eta Arriren eskutik.

Ostirala, ekainak 28 – Zaldibia

Idiazabalen gosaldu ostean, Zaldibiarako bidea hartu zuten gazteek, martxa amaitzeko azken ibilaldiari helduz. Lazkaomendin hamaiketakoa egin ondoren, herri bazkaria izan zuten. Era berean, Ordizian erresidentzietako langileek deituta zuten elkarretaratzera bertaratu ziren. Bazkaldu eta gero, Militantzia esperientziak partekatuz mahai ingurua izan zen. Zaldibiako Gazte Festak zirela eta, hala eman zioten amaiera Ikasle Martxari, ekitaldi sutsu batekin.