Lekeitioko Gazte Asanbladak okupatu berri duen gaztetxea aurkeztu du asteburuan

Lekeitioko Gazte Asanbladak martitzenean okupatutako Gaztetxe berria egin zuen publiko atzo iluntzean, kalejira baten ostean. Okupatu berri duten gaztetxea zapalkuntza eta problematikei “soluzio errealak planteatzen hasteko lehen pausoa” dela azpimarratu dute.
Argazki Nagusia
Lekeitioko Gaztetxea
2019ko apirilaren 14a

Urte bete inguru gazte problematikaren gainean hausnartzen eta kalean hau azaleratzeko lanean aritu ostean, lehenago ere gaztetxea izandako eraikina berreskuratu dute Lekeitioko gazte langileek. Lekeitioko Gaztetxearen berreskurapen hau “Euskal Herri osoan zehar ematen ari den gaztetxeen eta okupazioaren zabalpen eta berkonfigurazio prozesuan” kokatu dute; zentzu horretan, gaztetxeen arteko “saretze eta babesean apustua” egiten dutela adierazi dute. “Ditugun indarrak batuz, garaipenak lortzen joateko elkartasuna antolatzea da bide bakarra”.

Gaztetxea gazte problematikari zein langileriaren gaineko “zapalkuntza ezberdinei erantzuteko” espazioa izan behar dela azpimarratu dute, “borroka anitzen abiapuntu eta elkargunea”, apurka apurka langileon bizi baldintzak hobetzen saiatzeko gunea. Kultura proletarioa bultzatu eta norabide politikoan kokatzeko espazio bezala identifikatu dute, “elkar-zaintza eta babesean oinarritutako harremantze eredu berriak” eratzen joateko, lan banaketa sexuala gainditzeko, eta “ospakizun eredu berriak esperimentatzeko” gune gisa aurkeztu dute.

Hurrengo asterako lan egunak antolatu dituzte, gainera. Besteak beste, gaztetxea atondu eta erabilgarri jartzeko. Auzolana egunero 10:00etan hasiko da eta bazkaria egongo da bertan, gazte asanbladako kideek dei egin dute bertaratu nahi duena hurbildu dadin. Astebururako gainera, auzolanaz gain iluntzetan giroa alaitzeko kontzertu akustikoak antolatu dituzte, “lan egunen ostean, elkarrekin atseden hartu eta Lekeitiok gaztetxea daukala ospatzeko parada egiteko”.