Ireki dituzte Zizurkilgo eta Hondarribiko gaztetxe berrietako ateak

Bi gaztetxe berri zabaldu dituzte Gipuzkoan. Batetik, Zizurkilen Kaxilda Gune Autogestionatua martxan jarri dute Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek, “langile autonomia sustatzeko, klase boterea eraikitzeko eta autodefentsa artikulatu ahal izateko”. Hala, “elkar zaintza, auzolana eta elkar babesa” izango dituzte ardatz. Bestetik, Hondarribin alde zaharreko eraikin batean sartu dira Hondarribiko Gazte Asanbladako kideak, eta gaztetxe berria abiatu dute. Datozen egunetan zehaztuko dituzte proiektuaren izena eta nondik norakoak.
Argazki Nagusia
Hondarribiko Gaztetxe berria
2019ko apirilaren 19a

Gaur, ostirala, bi gaztetxe berri martxan jarri dituzte Gipuzkoan; hain zuzen, Zizurkilen eta Hondarribian. Alde batetik, Aiztondoko Gazte Asanbladak “17 urtez hutsik” eta “kapital metaketara bideratuta” egon den lantoki ohi bat okupatu du Zizurkilen. Kaxilda Gune Autogestionatua moduan izendatu du, gaztetxe berria abiatzeko. Bestetik, Hondarribiko Gazte Asanbladako kideak Hondarribiko alde zaharreko eraikin batean sartu dira, eta Hondarbiko Gaztetxea sortu dute.

Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek adierazi dutenez, “langile autonomia sustatzeko, klase boterea eraikitzeko eta autodefentsa artikulatu ahal izateko gune estrategiko bat izateko” abiatu dute Kaxilda proiektua. Horretarako, “jabetza pribatuaren ukapena” eta “kolektibizazioaren zilegitasuna” hartu dituzte oinarri. “Espazio fisikoaren okupaziotik harago”, “jakintza eta gaitasun anitzak elkarbanatzeko” eta “oinarrizko beharrizan materialak zein espiritualak” bermatzeko asmoz erdietsi dute gaztetxe berria, eta hori guztia “truke baliotik at” eta “era kolektiboan” gorpuztuko dutela iragarri dute.

Elkar zaintza, auzolana eta babesa

Asanbladaren arabera, Kaxildan “haurrek, gazteek zein helduek” beren “gaitasunen arabera emateko eta beharren arabera jasotzeko aukera izatea da jomuga”. Hala, “kapitalismoaren esentzian dauden balio eta praktika zapaltzaileak deuseztatzea” eta “elkar zaintza, auzolana eta elkar babesa gailenduko diren espazio bat sortzea” izango dute ipar.

Asanbladako kideek azaldu dute duela hilabete batzuk ekin ziotela Kaxilda sortzeko ibilbideari: “Azken urteetan Aiztondo bailaran instituzioetatik at antolatzen den mugimendu zein formakuntza politikoen gabezia ikusirik, duela hilabete batzuk hainbat gazte elkartu ginen egoera hau eraldatzeko uste osoarekin”. “Bailararen egoera aztertu” eta “hainbat behar identifikatu” ostean, “espazio baten beharra” ikusi zutela esan dute, eta modu horretan heldu zioten gaztetxe berria abiatzeko proiektuari.

Hondarribiko Gaztetxea ere martxan

Bestalde, Hondarribiko alde zaharreko eraikin bat okupatu dute Hondarribiko Gazte Asanbladako kideek, Herria berpiztu lemapean. Acción Católica taldea da eraikinaren jabea, baina azken urteetan ez diote erabilpenik eman. Datozen egunetan auzolana egingo dute gaztetxe berrian, eta proiektuaren izena eta nondik norakoak zehaztuko dituzte.