Gaztetxeen loraldira batu dira Galdakaon ere

Galdakaoko gazte mugimenduko kideek gaztetxe berria jarri zuten martxan pasa den larunbatean. Besteak beste, "elkartasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko", "langile klaseko sektore ezberdinen elkargune izateko" eta "bizitza politikoa sortzeko" asmoa agertu dute, gaztetxearen bidez. Espazioa egokitzeko auzolanean ari dira dagoeneko.
Argazki Nagusia
Argazkia: Galdakaoko Gazte Asanblada
2019ko maiatzaren 06a

Gaztetxeen loraldira batu berri dira Galdakaon (Bizkaia). Gaztetxea lortu dutela jakinarazi zuten Galdakaoko gazte mugimenduko kideek larunbatean, maiatzak 4; hain zuzen, Jubilatuen Etxea zena birjabetu zuten, "hilabeteak eztabaidatzen, dinamika ezberdinak prestatzen eta herria astintzen eman ondoren".

Hala, asteburu nahasia izan dute Galdakaoko Gaztetxean. Batetik, gaztetxe berria egokitzeko auzolanak eta dinamika zehazteko asanbladak egin dituzte, eta aste honetarako egitarau oparoa prestatu dute. Bestetik, eraikinaren jabearen eta Ertzaintzaren presio jarraia izan dute. Gaztetxeko kide bat identifikatu dute, gainontzeko kideak mehatxatu dituzte, eta birjabetzearen aurkako salaketa jarri du eraikinaren jabe juridikoak.    

Gaztetxeen izaera politikoari buruzko hausnarketa

Gaztetxeak "langile klasearen edozein sektoreren topaleku, kohesio politikorako espazio, eta batez ere, militantzian lehen pausoak emateko gune garrantzitsuak" direla azaldu dute gaztetxeko kideek. Hala, birjabetu berri duten gunean "elkartasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko", "langile klaseko sektore ezberdinen elkargune izateko" eta "bizitza politikoa sortzeko" asmoa agertu dute.

Galdakaoko gazte mugimenduko kideen arabera, "Euskal Herriak bizi duen blokeo politikoa gaztetxeetara heldu da". Gaztetxeen "erreferentzialtasuna eta funtzio politikoak" "kolokan" daudela iritzi dute, baina horren aurrean, "gazteria" espazio horien "izaera politikoaren inguruan" eztabaidatzen hasi dela azaldu dute.

Galdakaon egin duten ibilbideari dagokionez, bertako gazte mugimenduaren "adierazpen nagusia" Ortuondo Gaztetxea izan dela diote: "Ortuondok utzitako arrastoekin ari gara gaur egun gazte mugimenduko adierazpen iraultzailea sortzen". Ortuondon belaunaldi desberdinek ehundutako lanak, egungo agertokian, adierazpen iraultzaileak saretzeko "baldintza paregabeak" sortu zituela gehitu dute: "Horregatik gaude gu hemen".

Erreakzioak: salaketa, identifikazio bat eta Ertzaintzaren mehatxuak

Galdakaoko Gazte Asanbladak sare sozialetan aditzera eman duenez, zenbait eraso jasan dituzte asteburuan. Larunbatean bertan eta atzo, igandea, Ertzaintza birjabetutako eraikinera bertaratu zen, jabearen aginduz. Hala, salaketa jarrita dagoela jakinarazi zien gaztetxekoei.

Kide bat identifikatu dute ertzainek, eta atzo arratsaldean, gaztetxe barruan zeuden kide guztiak mehatxatu zituzten, identifikatu egingo zituztela esanez. Gaztetxeko kideek GEDAR LANGILE KAZETAri jakinarazi diotenez, arratsaldeko 18:00etan asanblada egiten ari zirela, Ertzaintza hirugarrenez agertu zen, bertan zeuden kideak identifikatzeko. Gaztetxe kanpoaldean zeuden bi kide identifikatu zituzten. "Espazio asketik sartu edo irteten den edozein kide identifikatzen jarraituko dutela esan digute", gehitu zuten.

Gertakari horiek salatzeko prentsarrekoa deitu dute gaurko, astelehena, 18:30ean, Galdakaoko Muguru plazan.