Gaur erabakiko dute ekainetik greban dauden Angeluko suhiltzaileek lan ituna onetsi ala ez

Angeluko suhiltzaileek otsailean hasi zituzten negoziaketak departamenduarekin, eta gaur erabakiko dute eskainitako akordioa nahikoa den ala ez. Hala ere, langileek adierazi dute ez dutela "presarik", eta greba urriaren amaierara arte deitua dagoela gogorarazi dute.
Argazki Nagusia
Angeluko suhiltzaileen protestak. Argazkia: Iparraldeko Hitza
2019ko urriaren 03a

Gaur, osteguna, Angeluko (Lapurdi) suhiltzaileen ordezkariek bilkura egingo dute Pirinio Atlantikoetako suhiltzaileen departamenduarekin. Departamenduak proposaturiko akordioa onartu ala ez ebatzi beharko dute beharginek. Ezezkoa izatekotan, urria amaierara arte luzatuko litzateke ekainean hasitako greba, zeinak eragin handia izan duen Frantziako Estatu mailan.

Lan baldintzak salatu dituzte langileek: 24 orduko lanaldi jarraituak, ordaindu gabeko ordu estrak, lan karga jasanezinak, eta abar. Izan ere, departamenduak, dirua aurreztu asmoz, murrizketak egin ditu lanpostuetan, langileen lan zama handituz, eta segurtasun baldintzak urratuz.

Proposamenak mahai gainean

Suhiltzaileek Pirinio Atlantikoetako departamenduari eginiko proposamenaren arabera, ehun postu gehiago sortu beharko lirateke lanaldiak murriztu eta segurtasun baldintzak hobetzeko. Proposamen hori jaso du departamenduak, eta berau "partzialki" kontuan hartzen duen akordio bat proposatu die langileei. Bada, 42 lanpostu berri sortzeko prest baino ez da agertu.

Beharginek adierazi dutenez, ez da itun "pozgarria", baina kolektiboki erabakiko dute berau onartu edo ez. Azaldu dute ez dutela "presarik", eta greba urriaren amaierara arte deitua dagoela gogorarazi dute.