Eztenak salatu du desalojo ilegal saiakera izan zela atzo jasandako erasoa

Bart gauean Bloke Naranjara sartu ziren zenbait gizon, "indarrez". Beranduago, ezezagun gehiago bertaratu ziren eraikinera, eta bertan bilduta zeuden kideen aurka egin zuten. Bi kide identifikatu zituen Ertzaintzak. Prentsaurreko bidez, Eztenako kideek salatu dute desalojo ilegal saiakera izan dela proiektuaren eta birjabetutako espazioaren aurkako eraso berria. Duela bi aste ere gizonezko bat aurkitu zuten eraikinaren atarian.
Argazki Nagusia
Eztenako kideek erasoa salatzeko egindako agerraldia.
2019ko uztailaren 14a

Bart, uztailak 13, Gernikako (Bizkaia) Eztena proiektua kokatzen den Bloke Naranjaren kontrako eraso baten berri eman zuten Eztenako kideek. Izan ere, bi gizonezko eraikinera sartu ziren, "indarrez", eta miaketak egin zituzten bertan. Horren aurrean, hainbat izan ziren proiektua defendatu asmoz eraikinera bertaratu zirenak.

Beranduago jakinarazi zuten beste bi gizonezko ere agertu zirela eraikinean, eta aurreko biekin batera, bertan bildutakoen aurka egin zutela. Hain zuzen, "eraikinera sartzeko mehatxuak" egin zizkieten bertan zeudenei; gazteek, baina, barrutik itxi zuten atea, eta gizonezkoekin hitz egiten ahalegindu ziren, "egoera baretu asmoz". Hala, bi kide identifikatu zituen Ertzaintzak.

Desalojo ilegal saiakera: antzekotasunak aurrekariekin

Eztenako kideek prentsaurrekoan aditzera eman dutenez, "azpijokoa" dago erasoaren atzean, eta iaz Bloke Naranja birjabetu eta hilabetera izan zen erasoaren "antzeko logika" antzeman dute. Orduko hartan, 2018ko apirilean, Ertzaintza, eraikinaren jabeak eta haien abokatuak eraikinera sartu ziren. Etxebizitza batzuetako sarraila aldatu zuten, baita alarmak eta kamarak jarri ere. Berme juridikorik gabeko desalojo saiakera izan zela salatu zuen Eztenak orduan.

Iaz bide judizialera jo zuten Eztenakoek, erasoa salatzeko. Prozedura judizial hartan ertzainetako batek deklaratu zuen auzitegian; hark azaldu zuen ertzainen buruak, eraikinaren jabeek eta Jose Mari Gorroño alkateak bilera bat egin zutela "erasoa adosteko". Prozedura bereko epaiketan jazotakoa ere gogorarazi dute gazteek: jabeetako batek epaileari adierazi zion "desokupak" kontratatzeko asmoa zuela. Atzoko erasoa "azpijoko" modura definitzean, beraz, iazko apirileko gertaerekin zein logikekin antzeman dituzten antzekotasunak jarri dituzte mahai gainean.

Eraso bat baino gehiago

Atzoko gertakariei dagokienean, Eztenako kideek ohartarazi dute erasotzaileak "gezurretan" aritu zirela, eta eraikinera sartzeko "beste interes batzuk" zituztela, bertan bizitzeko beharrik ez dutelako. Are gehiago, salatu dute "bortizkeriaz" aritu zirela gizonezkoak eta bertan bizi diren bizilagunen inguruko "komentario arrazistak" egin zituztela. 

Atzokoaz gain, beste eraso bat ere salatu dute Eztenakoek. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, duela bi aste ere gizonezko bat aurkitu zuten eraikinaren atarian: "Etxebizitza batzuk hutsik zeudela zekiela esan zigun, eta giltzak ematea exijitu zigun. Bestela, itzuli egingo zela eta atea eraitsiko zuela mehatxatu gintuen."

Autodefentsarako deia

Erasoen aurrean "posizionatzeko" beharrizana ere azpimarratu dute Eztenako kideek, eta Bloke Naranja desalojatzen badute hamar pertsona etxegabetuko dituztela salatu dute berriro. Amaitzeko, "autodefentsarako zilegitasuna" dutela eta hori "beharrezko tresna eta mekanismo guztien bidez" egikarituko dutela jakinarazi dute.