Eskaera bateratuak egin dituzte Eibar, Alaves, Athletic, Reala eta Osasunako 62 jarraitzaile taldek

Datorren denboraldian ere bost euskal talde izango dira Espainiako estatuko futbol ligako lehen mailan. Hala, Euskal Herriko zaletuak biltzen dituzten 62 kolektibok agiri bateratu bat plazaratu berri dute, klubei hainbat eskaera egiteko. Besteak beste, derbietarako prezioak bateratzea, partidak asteburuan jokatzea edota animatzeko oinarrizko materiala harmailetan oztoporik gabe sartu ahal izatea eskatu dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: Berria
2019ko uztailaren 07a

2019-2020 denboraldian, duela hiru denboraldi gertatu bezala, bost euskal talde izango dira Espainiako estatuko gizonezkoen futbol ligako maila gorenean: Osasuna, Alaves, Athletic, Reala eta Eibar. Bost klub horietako zaletuak biltzen dituzten kolektibo ezberdinek, zehazki 62 kolektibok, agiri bateratua plazaratu berri dute, klubetako zuzendaritza batzordeei eskaera bateratuak egiteko.

Idatzian nabarmentzen dutenez, duela hiru urte, jarraitzaileek zuzendaritza batzordeei proposatu zieten euskal derbietarako "bidezko prezioak adosteko", "urte horretan jokatuko ziren derbiak asko" izango zirelako. Hala, "bost taldeetatik lauk sarreren prezioa 25 euroan finkatzea adostu zuten". Akordio hori oinarri modura hartuta, "aurten adostasuna erabatekoa izan dadin" eskatu berri diete bost taldeetako zuzendaritza batzordeei, "derbiak berriro derbyak izan daitezen".

Dena den, prezioak adosteko eskaeraz harago joan dira oraingoan agiria sinatu duten 62 kolektiboak, eta aldarrikapen gehiago aurkeztu dituzte. Esaterako, Espainiako Ligako lehendakaria den Javier Tebasek ordutegi aldaketa egiteko erabilitako argudioak kritikatu dituzte. Azken urteetan ordutegi aldaketek eragindako arazoei erantzuteko, "partidak asteburuetan jokatzea" eskatu dute. Horrekin lotuta, "kanpoko zalegoari gordetako gutxieneko sarrera kopuru bat ezartzea" ere beharrezkotzat jo dute.

Bestalde, "harmailak kolorez eta poztasunez" betetzen jarraitzeko, partidetan taldeak animatzeko materiala harmailetan sartzeko "oztoporik ez" jartzea aldarrikatu dute sinatzaileek: "Megafonoak, banderak, pankartak edota bonboak bezain oinarrizkoak diren elementuek ez lukete gure zelaietan sartzeko eragozpenik izan behar".