Bizi duen testuinguru politikoaren inguruko prentsa oharra kaleratu du Kijera Gaztetxeak

Gaztetxearen ibilbidearen irakurketa eguneratua egin dute, elkartasun dinamika ezberdinen indarrak udalaren desalojo mehatxuari galga jarri diola azpimarratuz. Kontrara, oldarraldi errepresibo berri bat bizi dutela eman dute jakitera, eta horren aurrean antolatzen, auzoa bizitzen eta kapitalaren zapalkuntzari aurre egiten jarraituko dutela
Argazki Nagusia
Argazkia: Santiago Farizano / donostitik.com
2019ko martxoaren 21a

Kijera gaztetxeak prentsa oharra kaleratu berri du, azken egunotan komunikabideetan agerturiko hainbat gairen eta gaztetxearen martxaren inguruko informazioa plazaratuz, eta Gaztetxeak daraman ibilbidearen inguruko argipenak emanez.

Hasteko, Alde zaharreko Gazte Asanbladak Kaialde eraikina okupatu eta Kijera gaztetxea martxan jarri zuenetik Martxoaren 2an sei hilabete bete zirela gogorarazi dute, auzoarentzat “hilabete biziak” izan direnak: izan ere, Kijeran hamarnaka tailer eta entrenamendu (astero bertsolaritza, joskintza, zirkoa, kick-boxinga, filosofia…) , 19 hitzaldi, 7 zineforum, 7 kontzertu akustiko, hamarnaka bisita gidatu, antolaketarako asanbladak, auzolan eta auzoko eguneroko bizitza oparoa egin baitira denbora honetan. Are gehiago, haur gunea, tailerra, aisialdi gela, liburutegia… martxan jarri eta egunerokotasunean erabili dira 12 urtez hutsik egondako eraikinean.

Parean, udal gobernua ez dela Kijerako kideekin hitz egiteko gai izan eta kontrara, abenduan desalojo mehatxua aktibatu zuela azpimarratu dute. Honen aurrean, “bi hilabete luzez erresistentzia aurrera eraman” dutela eta borroka honek egoera berri bat ireki zuela adierazi dute. Agertoki berri honetan, udalak auzokideekin negoziatzeko prestutasuna agertu baitu.

Agertoki berri honen aurrean izan duten “isiltasun luze” baten ondoren, Kijera gaztetxeko asanbladatik zenbait argipen egiteko garaia dela ebatzi dute. Lehenik eta behin, egungo eskenatokira zerk eraman dituen azaltzeari egin diote erreferentzia, eta Abenduan jasotako desalojo mehatxuari erantzunez eginiko dinamikak zehaztetik hasi dira: mobilizazioa, 24 ordutako erresistentzia eta gaztetxean hainbat ekimen abiatu zituztela azpimarratu dute. Era berean, Urtarrilak 4eko mobilizazioan milaka pertsona batu zirela, auzoan egindako ekimenetan bizilagunen babesa jaso dutela, eta bi hilabetez “erresistentzia ehundu” dutela zehaztu dute, ehundaka pertsonen txanda, zaintza, diru, lan, zein antolaketa ekarpenekin. Ekarpen eta elkartasun keinu hauei guztiei egozten diete “udalaren asmoak -oraingoz behintzat- etetea” lortu izana, eta “Erresistentzia, elkar zaintza eta autodefentsaz” aurrera doazela aldarrikatu dute.

Bigarrenik, auzoan bizitzen ari diren prozesua azalera atera nahi izan dute: “Parte Zaharrean Bizi” auzo elkarteak hala proposatuta, auzoko eragileek mahai bat osatu dugu. Mahai hau otsailaren 18an publikoki aditzera eman genuen, Auzoa Berreskuratu eguna ospatuz denon artean.” Euren hitzetan, Mahai honen eztabaidagaia auzoko ekipamendu publikoak izan dira, eta bereziki Kijera gaztetxearen desalojo mehatxuaren aurka egin eta eraikin honek auzo erabilera mantendu dezan antolatu da, bai eta udalarekin negoziatzeko ere. Honen aurrean, Kijerako Asanbladak mahai honetan parte hartzen duten hamar eragileetako kideek “erakutsitako lanerako disposizioa eta diskrezioa” azpimarratu nahi izan dute, elkartasun borroka honen bitartez eta udalaren itxikeriaren aurrean, auzoa berreskuratzen ari direlako.

Azkenik, gertakari berrienei egin nahi izan diete erreferentzia. “Guk aurrera egin izanagatik, gobernuen makinak ere ez dira gelditu”. Izan ere, zken egunetan, gaztetxeko kideek isun ugari jaso dituztela salatu dute. Zehazki uztailean aldamar kaleko gazte lokalaren desalojo ilegalaren aurka protesta egiteagatik, zein gaztetxearen aldeko propaganda egiteagatik isundu dituzte hainbat kide. Honen harira, Aldamar 32 eraikina jasaten ari den espekulazio prozesua “Jokin Errasti eta Altuna y Uriako diruzaleen eskutik” martxan dela eta Donostiko Alde Zaharra presentzia polizialez lepo dagoela salatzeko ere aprobetxatu dute: “presentzia horrek, gure arazoak ez konpontzeaz haratago, etengabe jotzen du behartsuenen eta auzokideon adierazpenen aurka”

Bi aurpegi dituen errelatoa da beraz Kijera Gaztetxeko Asanbladak argitaratu duena. Langile mugimenduaren autoantolaketak desalojo mehatxuaren aurrean izan duen eraginkortasuna aditzera ematen duena batetik, eta autoantolaketa hori deusezteko eta interes pribatuei men eginez instituzioetatik hartzen diren neurri errepresiboena bestetik. Kijerako kideek, euren posizioa argi utzi nahi izan dute, honen guztiaren aurrean gaztetxeko kideok antolatzen, auzoa bizitzen eta kapitalaren zapalkuntzari aurre egiten jarraituko dutela aldarrikatuz.