Bi astez greba egingo dute Bizkaiko kiroldegietako beharginek

Uda amaieran ere lanuzteak egin zituzten Bizkaiko kiroldegietako langileek, lan baldintzetan hobekuntzak eskatzeko. 2.000 behargin inguru dira sektorean, eta haietako 1.000 baino gehiagok Guedan, EmteSport eta Sport Studio enpresentzat egiten dute lan soldatapean.
Argazki Nagusia
Argazkia: EITB
2019ko urriaren 22a

Borrokan jarraitzen dute Bizkaiko udal kiroldegietako eta klub pribatuetako langileek. Bi astez greba egingo dute oraingoan, lan baldintzetan hobekuntzak eskatzeko. Oraindik ez dute lan hitzarmena adostu sindikatuek eta patronalak; hala, aurreko ikasturte amaieran bezala, lanuzteak egingo dituzte beharginek.

Hain zuzen, honakoak dira euren eskakizunak herrialdeko lan hitzarmenari dagokionez: soldatak igotzea, erreferentziazko lanaldia ezartzea (kontratu partzialak dituzte sektoreko langileen %80ek), lan kategoria bakoitzaren funtzioak zehaztea, eta jaiegunetan lanera joateagatik jasotako ordaina igotzea. Berririk ez bada, urriaren 28tik azaroaren 10era bitarte egingo dute greba langileek.

2.000 langile

EITB-ren arabera, Bizkaian 2.000 langile dira sektorean. Haietako 1.000 baino gehiagok Guedan, EmteSport eta Sport Studio enpresentzat egiten dute lan soldatapean. Udal kiroldegien kasuan, udalen jabetzakoak dira zentroak, eta normalean, eskaintza merkeena egiten duten enpresak azpikontratatzen dituzte lanaz arduratzeko. Dena den, udal kiroldegietako beharginez gain, klub pribatuetakoak ere grebara deitu dituzte; esaterako, golfekoak.

Lanuzteak maiatzetik

Maiatzean hasi zituzten mobilizazioak sektorean. Dagoeneko hamar lan etenaldi eta lau greba egun egin dituzte, eta batik bat igerilekuetan izan zuten erantzun ona deialdiek: %75ek egin zuten bat.

Uztailaren 23an izan zen azkeneko lanuztea. Hurrengo egunean, sindikatuek iragarri zuten ez zirela deialdi gehiago izango gutxienez iraila amaierara arte; izan ere, ordurako Cebek patronalarekin biltzeko asmoa zuten. Eudel udalerrien elkartearekin ere batzartu dira, baina gaur gaurkoz, ez dago akordiorik mahai gainean.