Berehalako desalojo mehatxuaren aurrean, birjabetutako eraikina utzi dute Atarrabiako Gazteek

Gaztetxera sartu ziren unetik harremanetan jarri arren, Atarrabiako Gazteak asanbladak salatu du Iruñeko mankomunitateak ez duela negoziaziorako aukerarik utzi. Gogora ekarri dute urtebetetik gora daramatela lanean, eta espazio batetik harago doala proiektua: "Jarrai dezagun desjabetuon kontrolpeko guneak sortzen eta defendatzen".
Argazki Nagusia
Argazkia: Ahotsa
2019ko ekainaren 24a

Ostiralean birjabetu zuten Atarrabiako (Nafarroa) eraikin bat, gaztetxea sortzeko, Autogestioaz, gaztetxea orain lelopean egindako mobilizazioaren ondoren. Gazteek azaldu zuten urtebete daramatela lanean proiektu autogestionatu baten alde, "asimilazio, despolitizazio eta indibidualismoaren aurrean, desjabetuon interesak defendatzeko". Hasieratik jarri ziren harremanetan eraikina kudeatzen duen Iruñeko mankomunitatearekin, baina ez dute aukerarik utzi negoziazioei ekiteko.

Mezu argia eman zietela kontatu dute asanbladako kideek, eraikinaren atarian egindako agerraldian: "Espazioa momentuan uzten ez bagenuen, desalojoari ekingo ziotela. Asanbladak espazioa uztea erabaki du. Argi daukagu Atarrabiak gaztetxe bat behar duela, baina gure proiektua ez da espazio honetara mugatzen, askoz ere harago doa, eta honetan lanean jarraituko dugula argi daukagu".

Ildo beretik, "gune autogestionatuak birjabetzeko eta haien defentsa gauzatzeko ezinbestekoa" delakoan, autodefentsaren aldeko hautua berretsi dute, eta babes osoa agertu diete desalojatu berri duten Ormaiztegiko (Gipuzkoa) gaztetxeari nahiz arriskuan dauden guztiei: Lizarra, Burlata, Barañain, Arrotxapea... "Jarrai dezagun desjabetuon kontrolpeko guneak sortzen eta defendatzen".