Kaxilda gaztetxearen birjabetzea dela-eta, Aiztondoko Gazte Asanbladako bi kide epaituko dituzte hilaren 24an

Hurrengo asteartean epaituko dituzte Aiztondoko Gazte Asanbladako bi kide, 12:30ean. Kaxilda gaztetxearen apirileko birjabetzea dela-eta, usurpazio delitua egotzi diete biei. Epaiketaren ordu berean, elkarretaratzera deitu dute Tolosako Epaitegiaren atarian, "zuzenbide burgesari kontrakotasuna" eta "klase elkartasuna" adierazteko.
Argazki Nagusia
Argazkia: Aiztondoko Gazte Asanblada
2019ko irailaren 18a

Irailaren 24an, asteartea, izango da Kaxilda gaztetxearen okupazioaren aurkako epaiketa, Tolosako Epaitegian. Aiztondoko Gazte Asanbladako bi kide epaituko dituzte, eta Zizurkilgo (Gipuzkoa) gaztetxea martxan jartzeko birjabetutako lantoki ohiaren "usurpazio arina" da egozten dieten delitua. Epaiketa salatzeko, elkarretaratzera deitu dute asanbladako kideek; epaitegiaren aurrean, egun eta ordu berean. Adierazi dute ez direla epaituak izango "soilik eraikin huts bat okupatu izanagatik"; izan ere, "gazte langile gisa antolatzea" ere epaituko dutela nabarmendu dute.

Bost hilabeteko ibilbidea

Badira bost hilabete Aiztondoko Gazte Asanbladak Zizurkilen "17 urtez hutsik" eta "kapital metaketara bideratuta" egon zen lantoki ohi bat okupatu zuenetik. Geroztik, beren proiektu politikoa garatzeko lanetan aritu dira Kaxilda gaztetxean, "langile autonomia sustatzeko, klase boterea eraikitzeko eta autodefentsa artikulatu ahal izateko gune estrategiko" gisa ulertu baitute espazioa.

Negoziazio mahaia

Asanbladakoek eraikinaren jabe legalarekin eta EH Bilduko udal gobernuarekin negoziazio mahai bat ireki bazuten ere, prozesu judizialak aurrera jarraitu du, eta ezin izan dute epaiketa ekidin. Maiatzean, Udal Gobernuaren "borondate politiko falta" salatu zuten komunikatu baten bidez. Hala, Udal Gobernua "prozesua luzatzen" eta "trabak jartzen" ari zela azaldu zuten.

Errepresioa, eremu judizialetik harago

Iristear den epaiketa ez da izan Aiztondokoek salatu izan duten errepresio modu bakarra. Indar polizialen presentzia salatu izan dute sare sozialen bidez; adibidez, polizia Kaxildara asanbladaren baimenik gabe sartu izan denean, edota gaztetxearen kanpoaldean poliziaren presentzia izan dutenean.