Gutxienez bi emakume erasotu dituzte asteburuan Gasteizen

Gasteizko Adurtza eta Zabalgana auzoetako etxebizitza banatan gertatu dira erasoak. Bi kasuetan, emakumezkoen aurka oldartu dira gizonezkoak, eztabaida betean zeudela. Adurtzako kasuan, erasotzailearengandik ihes egiten saiatu eta leihotik behera erori da emakumea.
Argazki Nagusia
2019ko urriaren 21a

Gutxienez bi emakume erasotu dituzte Gasteizen (Araba) asteburu honetan. Igandean, bere etxeko leihotik kalera erori zen emakume bat, Adurtza auzoan. Izan ere, eztabaidan ari zirela, etxetik irtetea galarazi zion gizonezko batek. Orduan, leihotik ihes egiten saiatu zen emakumea, eta aurreneko pisutik amildu zen. 33 urte ditu erasotzaileak, eta etxebizitzan bertan atxilotu zuten udaltzainek. Erorketaren ondorioz hainbat zauri ditu emakumeak.

Larunbatean gertatu zen bigarren erasoa; honakoa, Zabalgana auzoko etxebizitza batean. Eztabaida bete-betean zuedela, emakumezko baten aurka oldartu zen gizonezko bat, heriotza mehatxuak eginez. Hala, poliziak atxilo eraman zuen 48 urteko erasotzailea.

Leihotik ihes egiteko saiakera gehiago

Igandekoaz gain, azkenaldian izan dira erasotutako emakume batek leihotik ihes egin behar izan duen kasu gehiago. Basaurin (Bizkaia) beste emakume batek ere jauzi egin behar izan zuen irailean, gizonezko batek jipoitu, eta hura erailtzen saiatu zenean. Erasotua eraikinaren kanpoaldeko segurtasun barra batzuetatik kaleraino zintzilikatu zen, eta ondoren, eritetxean artatu behar izan zuten.