Emakume bat hainbat egunez atxiki eta bortxatu dute bi gizonezkok Mungian

Emakume bat bahituta izan dute bikotekideak eta haren bizilagunak, ostiraletik atzora arte. Astelehen goizaldean bien artean eraso egin eta bortxatu zuten, eztabaida baten ondoren. Epaileak aske utzi ditu bi erasotzaileak.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 19a

Atzo, astelehena, 45 eta 48 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten Mungian (Bizkaia), emakume bati eraso egiteagatik. Emakumearen bikotekidea da erasotzaileetako bat, eta bestea, haren bizilaguna.

EITB-k jakinarazi duenez, bikotekideak Mungian duen etxebizitzan bahituta izan dute emakumea, ostiraletik. Telefono mugikorra kendu zioten. Astelehen goizaldean, 00:15ak aldera, Poliziari hots egin zion herritar batek, emakumearen oihuak zirela-eta. Udaltzainak bertaratzean, odol arrastoak eta mahai puskatu bat ikusi zituzten, baita emakumearen oihuak entzun ere.

Hala, emakumeak jakinarazi zuen eztabaida izan zuela bikotekidearekin, eta gero, eraso egin ostean, sexu-harremanak izatera behartu zuela, EITB-k jaso duen modura. Bikotekidearen bizilagunak ere "erasoan parte hartu" zuela azaldu du emakumeak. Beranduago jakin zen hainbat egunez atxikita izan dutela.

Epaileak aske utzi ditu bi erasotzaileak. Hilean birritan epaitegira aurkezteko agindu die.