Bi sindikalista zigortu dituzte, Huerta de Peraltako langileen protestetan parte hartzeagatik

Nafarroako Probintzia Auzitegiak bosna hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Imanol Salinasi eta Jose Javier Osesi, Huerta de Peraltako langileen protestetan parte hartzeagatik. Hain zuzen, "desobedientzia delitua" leporatu diete, lantokian sartu eta beharginen greba eskubidearen urraketari aurre egiten saiatzeagatik. Iazko udazkenean hasi zuten borrokaldia Huerta de Peraltako langileek, eta ia 30 borroka egun egin zituzten. Gogorrak izan dira ondorioz pairatu behar izan dituzten ondorio errepresiboak.
Argazki Nagusia
Huerta de Peraltako langileak. Argazkia: Euskalerria Irratia
2019ko azaroaren 06a

Imanol Salinas eta Jose Javier Oses LAB sindikatuko kideak zigortu ditu Nafarroako Probintzia Auzitegiak. Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta barazki enpresako beharginen protestetan parte hartzea leporatu diete. "Desobedientzia delitua" egotzita, urtebeteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskaltzak bakoitzarentzat. Epaileak ebatzi berri du bosna hilabeteko zigorra ezartzea.

Huerta de Peraltako langileen greba egun batean, lantokira sartzea lortu zuten bi auzipetuek, furgoneta batean sartuta eta banatzaile itxura eginez. Euren helburua zen, ekintzaren bidez, langileen greba eskubidearen urraketa ekiditea; izan ere, lanuzteak zirela-eta, enpresaren zuzendaritzak barazkiak eskatu eta ekarri zituen Almeriatik zein Murtziatik, grebaren ondorioak gutxitzeko. Hala, bidea mozten saiatu ziren bi sindikalistak, furgonetaz baliatuta.

Salinas eta Oses ez ziren epaiketaren lehen saiora aurkeztu, "desobedientziaren" aldeko hautua egin baitzuten, iraila amaieran iragarri zuten modura. Bestalde, Salinasi 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten iragan maiatzean, Iruñeko (Nafarroa) San Giovesa jatetxearen aurrean egindako hainbat protestetan parte hartzeagatik. Bertako langileen aurkako zenbait eraso salatzeko mobilizazioak izan ziren ordukoak.

Huerta de Peraltako langileen borroka, jazarria

GEDAR LANGILE KAZETAk jaso izan duenez, 2018. urteko udazkenean abiatu zuten borrokaldia Huerta de Peraltako beharginek, hainbat aldarrikapen ardatz; hala nola, kaleratutako zenbait langile berriz hartzea edota lan baldintzak hobetzea. Ia 30 borroka egunen ostean, enpresarekin akordioa erdiestea lortu zuten. Dena den, gogorrak izan ziren greben eta lanuzteen ondorioz langileek jasan behar izan dituzten ondorio errepresiboak: isunak, Espainiako Estatutik kanporatzeko eskaerak zein kartzela zigor eskaerak izan dira mahai gainean.